Lur 2000ren Nekazaritza Eskola arrakastatsuak beste ikasturte bat hasi du Lemoan duen establezimendu handian. Baratzezale eta lorategizale guztiek, beren zalantzak argitu ahal izateaz gain, beren lurrari etekin handiagoa nola atera ikasiko dute. Bertaratzeko, lekua aldez aurretik erreserbatu behar da, 946 31 40 32 zenbakira deituz, edukiera mugatua baita.
Nork bere elikagaiak biltzea esperientzia aberasgarria eta osasungarria da, eta probatzen duten pertsona guztiei poza sortzen die. Beren lursailaz edo hiri-baratze batean lurzati batez goza dezaketenekin hitz egin besterik ez dago. Baina esperientzia honek zalantzak ere badakartza, besteak beste zein ote diren metodorik onenak dastatuko diren produktuek ahalik eta kalitate eta osasun onena izateko. Bada, jarduera hau argitzeko sortu da Lur 2000 ren Nekazaritza Eskola.
Zenbat denbora behar da letxugak biltzeko eta kontsumitzeko? Hazitegia nola egiten da? Balkoian sor daitezke tomateak? Nola kentzen da goroldioa soropiletik? Halako galderak egunero egiten dizkiote Ramón Zearretari Lemoan duen establezimenduan. “Honetan beharrean daramadan urte hauetan guztietan, herritarrek jarduera honekiko gero eta interes handiagoa dutela egiaztatu dut. Jendeak mundu honetan sartu nahi du, baina informazio tekniko eta profesionala behar du” dio nekazaritzako ingeniari zornotzarrak.
Bertaratzeko, lekua erreserbatu behar da, 946 31 40 32 zenbakira deituz
Helburu horrekin, besteren artean Iurretako eta Berrizko baratze ludikoen arduradunak Nekazaritza Eskola sortu zuen, zaleentzat, Lur 2000ren instalazioetan. Lehen ikastaroak 2019an eman zituen, eta, pandemia heldu arte, hilean larunbat batean egiten jarraitu zuen.
Saio bakoitzean dagokion garaiarekin lotutako gai zehatz bat jorratzen bada ere (zer landatu, zer izurrite- eta gaixotasun-mota gerta daitezkeen, zer neurri hartu), bertaratuek edozein eratako galderak egin ditzakete baratzeari, lorategiari edo baserriko animaliei buruz.
Ekimena erraz asko eraman daiteke beste herri edo gune batera, “ikastetxe, egoitza, elkarte edo kolektiboetara”
“Lehenengo eskolak 20 lagun ingururekin hasi ziren —mostradorean jasotzen duten gonbidapen bati esker—; orain, 35 pertsona ere biltzen gara. Jendea konfiantza hartzen ari da eta etenik gabe etortzen da, bere arazoak konpontzeko laguntza profesionala jasotzen baitu” dio Zearretak. “Beti esaten diet ‘landare-klinika bat duen nekazaritzako botikari’ modukoa naizela, haiek azaltzen dizkidaten sintomen arabera erantzuten diedalako”.
WhatsApp taldea
Zerbitzu erantsi gisa, eta oso erabilia, “ikasleentzako” WhatsApp taldea sortu da, harreman zuzenekoagoa izateko asmoz. “Landareek izan ditzaketen arazoei edo landatutako landareen egoerari buruzko irudiak bidaltzen dizkiogu elkarri; ikastaroetako informazioa zabaltzen dugu; kontu gehiago argitzen ditugu… Jendeak jarraitutasuna eman nahi dio hileroko hitzorduari”.
Ikastaroetara mota orotako pertsonak etortzen dira: erretiratuak, ikastetxeetako irakasleak, lurzati txiki bat duen jendea… Halere, Zearretaren ustez, garrantzitsua litzateke “arduradun politikoek ere esperientzia hau ezagutzea, alegia, udal-erabakiak hartzen dituztenek. Horrela, gai honi dagokionez biztanleen artean zer-nolako eskaria dagoen egiaztatuko lukete”.
Esperientzia hau erraz asko eraman daiteke beste edozein herri edo gunetara, “ikastetxe, egoitza, elkarte edo kolektiboetara. Ikastaroa hainbat ezagutza-mailatara egoki daiteke, eta tonu didaktikoz eta atseginez bildu”.